XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Larrabetzuko HB Españako Gobernuko ordezkariari vascongadasetan.

LARRABETZU (EGlN).- Larrabetzuko Herri Batasunak, ez du onartzen Madrilgo injerentziarik Udal arazoetan, azken finean Udal arazoetan norbaitek erabakitzekotan Udalak berak edota herriak Udaletxean aritzeko aukeratutakoek erabaki behar baitute.

Sakonean, Udal autonomia gordetzearren, eta zehazki, Udal idazkaria aukeratzerakoan udaletxeak egin dituen aprobak gaitzak harturik, Larrabetzuko Herri Batasunak erantzun egin dio Ramon Jauregiri, hots, España-ko Gobernuko Ordezkariari Vascongadas-etan.

Erantzunarekin batera, deialdi bat egiten die Euskal Herriko udaletxe guztiei, laguntza erakus dezaten alde batetik, eta tokian tokiko injerentziak uka ditzaten.

Izugarrizko mutursartzea dela botere zentraletik udal idazkariak aukeratu nahi izatea esanaz hasten da Herri Batasunaren erantzuna.

Azken batean Udaletxea bera baita nor funtzionarioak aukeratzeko, Jokaera zanpatzaile honek eta, Euskal Herriko zenbait udaletxetan hartu akordioak ezeztatzeak, euskal udalak botere zentralaren zangopetan daudela erakusten du, HB-ren eritziz.

Larrabetzu-ri dagokionez, ez da hau, gogorarazten du HB-k, lehen aldiz gertatu herrian.

Espainiako Monarkia Euskadira etorri zeneko iskanbilak gogoan hartu, bestela.

Gogoratu, Erregea gaitzetsi zuten larrabetzuarrak kartzelaz zigortuak izan zirela.

Idazkariaren arazoa aipatzerakoan, Larrabetzuko HB-k Madrilek duela pare bat urte aukeratu zuena, udalbatzak ahobatez ukatu egin zuela dio; Udal autonomia gordetzearren euskal udaletxeen eskubide ukaezin bat gordetzearren, hain zuzen.

Gauzak horrela, Larrabetzuko HB-k, eskakizun horrekin batera, horrelakorik birgerta ez dadin, etendura politikoa eskatzen du, eta hori KAS alternatiba onartuz bakarrik lort daitelekela adierazten.

Gehiago oraindik, hots, Euskal Herriko beharrizanei erantzun jator bat emateko, Autonomi Estatutoa ez gauza dela dio; horren mantentzean Estatutoa onesten dutanek duten erantzukizuna azpimarratuz.

Horiek, Estatutoaren jokuan sartuz, gure herriaren erreibindikazio zaharrei uko egiten baitiete.

Larrabetzuko Herri Batasunak, ez du etsiko; alderantziz, gure herriaren interesen alde jokatuko duela agintzen du, hots, nazio burjabetasunaren alde, honen sinbolo den ikurriñaren alde, eta zentralkeriatik.